XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Petroleoa eta Leninismoa

Arabe erresumek petroleo-merkatuan hartu duten bidea eta jokoa, monopolioari zuzenzuzen dohakion bidea eta jokoa da.

Ekonomiako esku-liburuetan ikasten da, alegia, saltzaileak ondasun baten monopolioa dadukanean prezioa ailtxa dezakeela, bide batez produzioa gutituz.

Irabaziak handitu egiten zaizkio saltzaileari, izan ere prezioa goititzen den bezanbat ez bait dira saldurak gutitzen.

Arabe erresumek hartu duten bideak helburu bat baino gehiago du, noski: Ekonomia aldetik, urteroko petroleoaren irabaziak handiagotzea eta petroleoaren iturburuak ahalik denbora luzeenean agortzea.

Politika aldetik, berriz, bistan dago, Israel erresumarekin duten hauzia eta borroka irabazpidetan eta garaitzapen bidetan aurreratzeko dabilkiten izkilua dela petroleoaren harma ikaragarria.

Zalantzarik ez dut uste dagoenik, arabeak txit argi eta antzetsu jokatu dutela aitortzeko.

Lehen ezik, aurreruntz ere diru-korrontea uholdetan sartuko da Arabe-nazioaren jauregietara.

Agintariek badukete arabe-herriaren aurrerapena oinarri onetan finkatzeko aski medio eta indar. Bestalde, Europako erresumak ere Israeli bizkar ematera behartu ditu petroleo-eskasiaren mehatxuak eta langabeziaren beldur beltzak.

Beraz, alde batetatik garaitzaile atera dira Arabe Erresumetako Gobernariak.

Luzera kaltegarri gerta dakiekela politika hori...? Petroleoaren ordezko indar-iturburu berriak arkituko dituela munduak...? Dudarik gabe, etorri edo erakarri, bizkorrago edo epe laburragoan erakarri ahal izango dira indar-iturri sortu berriak.

Halere, guzira eta oro har, aipatu ditudan bi alde horietatik soilik begiratuz, arabeen jokoa ongi jokatua izan da beren interesen alderako.

Nik, ordea, beste zenbait alde eta saihets ikusten dut arazo honetan, eta, hain zuzen, beste alde hauek bultzatu naute idaztera.

Sailka dezagun mundua hiru sailetan: 1) Erresuma nagusienak. U.S.A., U.R.S.S. eta Txina; 2) Europa eta Japon, bigarren sailean; 3) eta hirugarren, zerbaitegatik, hain zuzen, Hirugarren Mundu deritzana osatzen duten erresuma multzo zabala.

Paradoxaz beterik dagoen mundu honetan, inperialismoaren mendeko erresuma talde batek, hots, arabe-nazioa osatzen duten erresumek, nori egin diote kalterik handiena eta nori mesederik ederrena? Esku-liburuetan eta dotrinaliburuetan zera irakurriko genuke, noski, herri zanpatu oro biziro elkarri lotua eta atxikia dagoela beren etsai nagusi eta bakarra den inperialismoaren aurka.

Petroleoa garestitze honek kalterik handiena herri atzeratu anaiei egin die, argi eta garbi.

Hirugarren munduan erresuma gehienek, nahiz Afrikan, nahiz Hego-Ameriketan, nahiz Asian petroleo mehatzik ez dute.

Industrigintzarako ezin besteko duten indargai den petroleoa hainbeste garestitzean, bidea, behenaz gain, hertsiago eta aldapatsuago jarri zaie herri atzeratu anaiei.

U.R.S.S.-i eta Txina-ri kalte baino mesede gehiago egin dio petroleoaren krisiak.

Bereziki U.R.S.S.-i, Siberian daduzkan erreserbak neurriz gainekoak omen direlarik.

Eta U.S.A.-ri zer? Oro hartuz, hots, galerak eta irabaziak balantzatuz, badirudi abantailek garaitzen duela petroleo-bahimenduak ekar dezaioken kaltea.

Izan ere, Ipar Ameriketako ekonomiak errazago borroka lezake orain Europa eta Japongo konpetentzia.

Ikusi besterik ez dago, nola dolarra indartsuago agertu den delako petroleo-bahimenduaz geroz.

Herri-askatasunaren eraginak, herri eta erresumen arteko borrokak, hots, palestindarren arazoak eta arabe-isrraeldarren arteko etsaigoak, nazioen goinetik dagoen Klase anaietasuna non utzi du beste behin ere?

Egia da klasea nazioa baino gorago dagoela.

Hots, errealitatetik urrutiago dago klasea herria baino.

Astrazio maila goragokoa du klaseak herritasunak baino.

Horregatik, munduan eta nazioen artean, etsaigo nagusiak nazioen artean daude.

Herri baten barnean bertako klanan borroka da nagusi, hain zuzen herri barnean hor daudelako klaseok.

Erresumen arteko borrokak eta etsaigoak, halabaina, ez daitezke sar ez uler ahal, leninismoaren eskema astraktu eta konzeptu hertsietan.

G. ANSOLA.